Ezpalak

Herrenaren orpoari jarraiki
Atala: "zientzia"

Gagarinen etorria. Argia.

Garbine Ubeda gure lankidearen blogetik hartutako sarrera honi irudi zein soinu gehitu diogu:
“Ez naiz epopeia zalea sekula izan. Aitor dut, hala ere, Iuri Gagarinen balentria salbuespenekotzat jo izan dudala beti, hura protagonista izan zuen gertakariaz sortutako epika euforiko eta nobeleskoak arreta piztu izan didala gaia aipatu izan den aldiko. Eta miretsi ere egin dudala, Valentina Vladimirovna Terexkova lehen emakume astronauta miretsi nuen bezala…..”

Igor Leturia. Nick dut nik. Informatikan ingeniari honek zientzia eta teknologia aditu birtual bat aurkeztuko digu: Anhitz.

Kontsumo txikiko bonbillak. Teknopolis.

Kontsumo txikiko bonbillen kaxek zera diote: 11 watteko bonbilla berri batek 60 watteko goritasun-bonbilla batek adina argi ematen du. Eta ez da publizitate-trikimailu bat.

Ohiko goritasun-lanparek tungstenozko harizpi bat dute. Korronte elektrikoa igarotzean, harizpia berotu egiten da, eta argia sortzen du. Horren ondorioz, kontsumitzen duen energiaren zati handi bat bero bilakatzen da, eta energia horren % 1,5 baino ez da argi bihurtzen.

Kontsumo txikiko bonbilletan, berriz, xurgatutako energiaren % 15 argi bilakatzen da. Hodi fluoreszenteen antzera funtzionatzen dute, eta nahiz eta goritasunezkoak baino garestiagoak izan, askoz gehiago irauten dute: batez beste 12.000 ordu, eta goritasun-lanparek 1.000.

Eraginkortasun horri esker, diru asko aurreztu daiteke argindarraren fakturan. Esate baterako, 75 watteko goritasun-bonbilla baten ordez 18 watteko bonbilla fluoreszente bat erabiliz gero, 570 kWh aurreztuko ditugu haren bizitza baliagarri osoan; 62 euro gutxi gorabehera, elektrizitatearen egungo prezioa hartuta. Ez hori bakarrik; atmosferara tonelada-erdi bat CO2 isurtzea ekidingo dugu.

Iazko irailaz geroztik, 100 wattetik gorako goritasun-bonbillak fabrikatzea debekatuta dago Europan. Eta datorren urtean 75 wattekoak debekatuko dituzte. Betiko lanparak pixkanaka desagertzen joango dira supermerkatuetako apaletatik.

Garbiñe Ubeda Goikoetxea. Berria.

Grabitate ezak duen eragina aztertzera jotzen dugu espaziora. Lurra bere osotasunean eta eguzki-sisteman duen kokagunearekiko ezagutzera. Zeharka, berotegi efektua, klima aldaketa, ozono geruza edota ozeanoen gorabeherak beste ikuspegi batetik behatzera. Izarrak, astroak eta galaxiak arakatzera. Esploratzaile galaktiko bilakatzeko ahaleginetan, Unibertsoaren indarrak ikertzera.

Jakingura garbi eta inozentea saltzen zaigu misio espazial bakoitzarekin. Astronauta izan nahiko lukeen haurrari nabarmentzen zaizkion kontu heroikoak, fantasia aseptikoak. Guztion onerako, gure Lurraren mesederako, bizitzaren etorkizunerako diren ikerkuntza lerroak agintzen dira.

Eta nik gure inguruan biraka uzten duten zaborraz egin nahiko nieke galde. Milioika lagun goseak hiltzen utzita, proiektu hauei ematen zaien lehentasunaz, horretan gastatzen duten dirutzaz. Potentzia handien artean sortu den lehia espazialaren benetako arrazoiez. Zientziaren izenean espazioan probatzen diren inbento militarrez. Azken finean, Coca-Colaren osagarriak bezain sekretuak diren afera horiez guztiez.

Tren bat ‘Soyuz TMA-16’ espaziontzia Baikonur-ko (Kazakhstan) kosmodromoraino garraiatzen. 2009-09-28 SERGEI ILNITSKY / EFE

Erantzunak:
Bidaltzailea: txantrea [Bisitaria]
Arrazoi dun. Erabat ados nagon. Nazioarteko erakundeek diotenez 250.000 milioi euro aski lituzken munduko gosea bukatzeko. Berrehun eta berrogeita hamar mila milioi euro. Zer da hau lehenesten dituzten proiektuok ohi daramatzaten sosen aitzinean? Ehuneko gutxi, doike. Edo neholaz ere pairatu ez duten krisitik ateratzeko beribilen enpresa erraldoiei eman zaien dirutzarekin alderatuta?
Aitzakia bada gure sistemako planetak aztertu nahi dituztela bizitza bertan egon daitekeen egiaztatzeko, lehen-lehena Gurean ziurta dezakegun galde egin beharko genioken guhaurren buruari. Bigarren etxebizitza bilatzen hasi aitzin konpon dezagun aurrena.
Horrelako egitasmoak bultzatu nahi dituenak seme-alabak goseak nola hiltzen zaizkion ikusten dituenari azaldu beharko lioken, aitzinez aitzin. Egon bizkor.
Permalink-a 2009-11-29 @ 22:32

Garbiñe Ubeda Goikoetxea. Berria.

Bertrand Piccard. Ofizioz, psikiatra. Afizioz, ameslari. Munduari etenik gabe bira emango zion globoa diseinatzeari ekin zionean, alferrik ari zela ziurtatu zioten aeronautika adituek. Hark, ordea, ezinezkoari desafioa bota eta irabazi. 1999an, uste guztien kontra, XX. mendeko azken abentura handiaren protagonista bihurtu zen, Brian Jones pilotua lagun.

Jules Verneren estiloko bidaia hark, bere horretan helburu izatetik urrun, hurrengo erronkarako bidea eman zion Piccardi. Baietz hurrena eguzki energiaz mugituko den hegazkinean egin. Eta Solar Impulse deituriko ekimena ipini zuen abian.

Ahalegin hutsaletan ari zela aipatu zitzaion, bigarrenez. Lainopean edo gauez bete ahal izango ez den ametsetan ari zela. «Bada Solar Impulse pilotatzea baino arriskutsuagorik –argudiatu zuen hark–. Hain zuzen, gaur bezala petrolioa kontsumitzen eta ingurua kutsatzen jarraitu ahal izango dela pentsatzea». Eta kritikei entzungor eginez, aurrera egin zuen. 2012. urterako agindu duen balentriaren aurrerapen gisa, prototipoaren prototipoa aurkeztu berri du Piccardek. Kopenhageko goi bileraren haizeak baliatu zituen horretarako.

Iturri fosil kutsatzaileak atzean uzteko teknologia aurreratuxea dute ameslariek. Kontsumo neurrigabean oinarritzen den ekonomi sistema hau aldatzea falta da… Edo eguzki izpiak trafikatzeko modua asmatzea. Mundua salbatzeko hartu beharreko erabakiak politikarien eta ekonomialarien esku daudela kontuan hartuta, egia esan, edozer gerta liteke. Edo ezer onik ez, petrolioa agortu baino lehen.

Eguzki energiaz mugituko den hegazkinaren prototipoa. Bertrand Piccard aeronauta suitzarraren ekimenez,lehen probak egin zituen abenduaren 3an,Kopenhageko goi bileraren bezperan. 2009-12-03. WALTER BIERI / EFE

Zakilixut. Olariaga. Berria.

Zergatik flotatzen du izotzak. Teknopolis. Gorputza freskatzeko edari freskoa edango duzu. Eta, noski, edaria hotz-hotza nahi baduzu, onena izotza botatzea da! Tamalez, eragozpen bat du teknika horrek: izotzak ur gainean geratzen dira, eta traba egiten dute.