Jakoba Errekondo. Argia, 2296. alea, 2011-10-30.

Herbehereetako ontzi-jabeak XVII. mendean idi-bihotzen (Tulipa sp.) espekulazioan bizi ziren artean, Euskal Herrikoek bi eratako ontziak tresnatzen zituzten. Batetik han eta hemen erosi eta saldu, garraioan zebiltzanak. Arrantzarakoak, besteak. Balea eta bakailaoa ziren garai hartan arrain desiratuenak, emankorrenak. Diruaren arrantza. Negozioa aldatu egiten da, baina, eta hegaluzea eta bere antza dutenak dira egun dirua egiten dutenak. Geure itsasoan arrantza horretan ari direnak banaka-banaka harrapatzen dituzte arrainak. Antigoaleko eran. Gaur egun beita edo karnata bizia erabiltzen da amuetan, baina garai bateko artea bestelakoa zen. Arrain handi horiek ontzira igotzeko gaurko pita lodirik ez zen garaietan altzairuzko haria erabiltzen zen. Haren muturrean lotutako amuak zeraman trikimailua ez zen txori-kakaren hurrengoa, maisulana zen. Artaburua, Zea mays, zuritzerakoan kendutako zurikinarekin biltzen zen amua; gero izter gainean, txarrantxa gisara, Dipsacus fullonum, astakarduarekin igurtziz hariak ateratzen zitzaizkion zurikinari. Ondoren xingola berde bat lotzen zitzaion. Itsasoan baporea aurrera doan eran, txanbergan barrena heldutako harien muturreko amu hauek txipiroiaren antza dute, hegaluze eta hegalaburren gutizia. Arrantzale maisu haien mahoizko galtzetan, izterrean, hariz jositako adabakiaren gaineko adabakiaren imajina ezaguna egingo zaio askori. Astakarduak mahoia ere saretzen baitu. Amuaren artista haiek gehienak diru pixka bat egin asmotan baserrietatik etorritakoak ziren. Artotan iaioak, baita zurikinetan ere. Etxean bezala ontziko lotako etzalekuetan zuten almadraka edo koltxoia zurikinez egindakoa izango zuten. Urte sasoi honetan, hemendik aurrera bilduko diren artaburuetatik sortuko diren zurikinak badu, bai, baduenez, bere paisaia kulturala: artasoroak, sutondoko artazuriketa kontuak, koltxoia, amua, astakardua, mahoizko galtzetako izter pareko adabakia, hegaluzea eta soldata. Baserri batean baino gehiagotan dago zurikineta izena duen bazterra. Izan ere, zurikina, kondar ustekoa, lehengai.
Jakoba Errekondo. Argia, 2284. alea, 2011-07-10

“Aurten parte onekoa ez den zerbait badator” eta antzekoak entzun ditut udaberri honetan. Loraldi bikainak, fruituak oparo, hostajeak jori, uzta aberatsak… eta nekazariaren badaezpadako pentsaera horrek ezin gozatzen utzi gaitu. Uztaren peskizan, bizimodua aroaren araberari lotuta bizi dena beti da nokieroko botikaren beldur. Aurtengoan ez da, oraindik, aldrebeskeria handirik izan eta ustela ez den ustearen beste erdiaren bidetik doa dena. Baita, Castanea sativa, gaztainondoen loraldia ere, ikusteko modukoa. Urtero, egunik luzeenetan ileordekoa janzten dute, aurten inoizko kalparrik trinkoena. Hori bai, kolorea ez dute aldatu, betiko rubio-rubio ageri dira. Hermafroditak izanagatik kalparra lore ar harroek osatzen baitute, alderdi arra lorietan den egun bakanak. Alde emeak isil asko fruituak haziko ditu. Aurtengo uzta? Ikuskizun dago; gero gerokoak! Ederki zioen lehengo batean Pello Zabala maisu handiak: “… lurrazalak berez urtero janzten duen kalpar natural aurten tximatsuago…”.
Jakoba Errekondo. Argia.
Gaitzen bilakaera ezagutzeko landare berak jartzen diren tankera beretsuan, izurriteak ikaratzeko erabiltzen direnak ere badira. Zakurtegietan ohikoa da amatxilorea, Tropaeolum majus. Mendak (Mentha sp.) bezala, arkakusoak urrunarazten ditu, baina hark ez bezala, baita bakastak edo akainak eta euli samaldak ere izutu eta uxatu.
Soro eta baratzetan, aleak ematen dituzten landareen babeserako auzokide kirmena da amatxilorea. Ikusi ordurako urrutiratzeko sena pizten zaie intsektuei, zorri eta abarrek eztena sartzeko beste norabaiteko bidea hartzen dute. Landarea sumatze hutsak zomorroen artean eragiten duen izu bera, bere infusio edo urak ere sustatzen du.
Uxatzeko adinakoa ez, baina pizgarri eder dira amatxilorearen kimua eta lorea entsaladan. Bere garratz punttu politak listu-jarioa bizkortzen du. Uda osoan etengabeko loraldian murgiltzen denez eskuera dugu. Zopen bixigarri era bada. Lore-pipittak eta fruitu-koxkor heldu gabeak ozpinetan onduta jan ohi dira, kaparraren antzera (Capparis spinosa).
Burruntzali batetik bestera. Burruntzali-zopa dastatzen duen ahoko zuloa baino goraxeagorako ere ez da makala amatxilorea. Koadrilan burusoilei deitzen diegu burruntzali. Eta buru-larruazala soiltzetik libratzeko ona omen, zehatu eta orea gainean emanez gero ilearen zaina indartu eta haren hazkundea kitzikatzen du, nonbait. Buru beraren mina baretzeko bainu-urari botatzen diote Ameriketan. Han ez dira oker ibiliko, bertakoa baitute, berez, amatxilorea. Jesuitek erakutsi zioten Atlantikoaren beste aldea XVI. mendean. Eta gustatu. Egun, kostalde epeletan inbaditzaile deitzen diote.

Pello Zabala. Berria.
Gaurtxe, gaurtixek hasi ohi zuten zelten kulturan udazkena. Abuztu-Irail-Urri, hiruen artean, udako egun hanpatuari flakatu on bat ematen baitiote, Domusanturako flakiak jota bazterrera uzteraino. Dagoeneko, -aurreko batean nioen-, 46 minutu kendu dizkiotela, goizak horzka, arratsak kozka, alde banatatik. Hurrengo 92 egunotan jango diote mamirik ederren ta beteena egun gozoari: goizalbak ordubete eta 32 minutuko xerrada kenduko dio. Arratsa ez da atzera geldituko: 2 ordu ta laurden pasatxo hustutzen du arratsaldea, gaua gizenduz. Bien artean, 3 ordu eta 50 minutu. Bazuten arrazoirik, bai, udazkena bizitzeko.
Bestalde, udan eguzkiak bere hortz beroak xaxatuaz gero, egia da, axal samarretik bizi diren landare nahiz zuhaitzek, agudo galtzen dutela ‘uniforme’ berdearen brillua eta segidan ajatzen zaiela janzkera udakoa. Lehenik jantzi ziren hainbat zuhaitz oso trixte egon dira azken bi asteotan: badira hostajea guztiz zarpailduta, dagoeneko –bai, abuztu honen abierarako- orri horitu guztiak galduz ikusi ditudan elorri zuriak, eta baita, hiruzpalauna torto mihura berdezko besterik gabe gelditu diren ezkiak ere. Horiek, zumar eta zumartxikiak, eta hosto harro samar belaki antzeko txulodunak, gehienak goiz udazkeneratu dira.
Nolanahi, gaurko egunak berak, 14 ordu eta 17 minutuko argialdia izan du aukeran. Aprobetxatzeko moduan gara oraindik, atzokoaren antzera zabaltzen zaigunean, batipat.

Dosierra. Elhuyar.
Pagoa eta orbela. Pinua eta garoa. Gaztainak eta euriak bustitako hosto nabarrak. Euskal basoaren milioika irudi ditugu gogoan. Basoa; gure betiko basoa. Hala ere, gure ‘betiko’ baso hori ez da beti izan orain ezagutzen dugun bezalakoa.
Dosierra. Elhuyar.
Uda laster izango dugu hemen, eta, hura hurbildu ahala, hondartzak betetzen hasiko gara. Baina hondartzak, beltzaran jartzeko eta bainatzeko erabiltzen ditugun tokiak izateaz gain, inguru aberats eta garrantzitsuak ere badira. Kontinenteen eta itsasoen arteko paregabeko munduak dira.
Zumaiako Flysh-a. Teknopolis. Gure planetak 5000 milioi urte inguru ditu… gizakiok, berriz, denbora horren guztiaren azken 8000 urteetako errealitate txikia baino ez gara. Hala ere, lurrak denbora luze horretan jasan dituen eraldaketen nondik norakoak ezagutzea lortu dugu.