Twist. Hamaika telebista. Harkaitz Cano bere nobelaz ari da elkarrizketa honetan.
Nobela horretaz iruzkin kritiko bat ere irakur dezakezu Haritz Galarragaren eskutik.
MEMORIA
Nire izena ahaztu nuen lehendabizi.
Eskuak zertarako nituen ahaztu nuen gero,
hitzak zertarako diren
minak zer esan nahi duen.
Nire izena ahaztu nuen lehendabizi.
Nigandik espero zituzten esperantza guztiak
ahantzi nituen gero,
zeini egin behar nion irribarre,
zeini eskua oratu.
Nire izena ahaztu nuenetik
beste ezertaz ez naiz oroitzen.
Ordutik aurrera sortzen dut.
Scanner. Leire Bilbao. Susa, 2011.

Ospitalekoak. Mikel Antza. Susa, 2010.
Mikel Antzak bi ipuin liburu eta antzerki obra bat argitaratu zituen 80etan: Lehen bilduma (1985), Beteluko balnearioko mirakulua (1985) eta Odolaren usaina (1987). Hogeitaka urte geroago dakar orain bere lehendabiziko nobela: Ospitalekoak, Fresnes espetxean idatzia. Preso bat neskalagunari idazten ari zaio kartzela-ospitaletik, egoera hain makurrera nola iritsi den azaltzen, kontakizunak aurrera egin ahala gertakari estrainio eta ezustekoen kate bat bihurtzeraino. Oroitzapen eta sentiera barnekoiz bustitako eleberria duzu, gatibutasunari buruzko kronika zorrotz trenkatua, ihes eta libertate desiraren aldarria.
Zaharrak ez zuen hil nahi. Gaizka Zabarte. Susa, 2011.
Ehorzleak larunbatean goizeko zortzietan telefonoz deitzen badizu, esanez zurekin hitz egin nahi duela eta ordubete barru hilerrira joateko, harritu egingo zara. Baina, ordubete barru, zure aitaren obi gainean eserarazi eta ehorzleak esaten badizu kontu txiki bat daukala zure aitari buruzkoa, orduan hunkitu eta aztoratu egingo zaitu.
Heriotzazkoa eta maitasunezkoa da Gaizka Zabarteren nobela, ustekabez eta umorez zipriztindua eta dotorezia apartaz ondua.
Dioramak. Patxi Iturregi. Elkar 2006.
Hirurogeita sei istorio laburrek osatzen dute lana, eta haietan bada errealismoarentzat, fantasiarentzat zein absurduarentzat tokirik. Iturregik beste bi obra ditu argitaraturik: Haize kontra (Susa) eta Behi eroak (Elkar).
Liburu honetan Patxi Iturregik ipuingintzaren tekniken gaineko jakintza handia erakutsi du. Istoriook, gehienetan anekdotatik harago ez doazenak, biluzik agertzen dira, soberako hitzik gabe, xumeak. Horrelakoa ere bada darabilen hizkuntza, idazkera zuzena eta doi-doia.

Zinea eta literatura. Harkaitz Cano. Elkar 2008.
Zinea eta literatura. Literatura eta zinea. Finean, zerbait kontatzeko beharra dute biek ala biek, bakoitza bere esparrutik. Eta biei disekzioa egin die Harkaitz Canok; muinetaraino sartu die bere bisturi zorrotza eta bien artean daudekeen harremanez, kontraesanez eta loturez hitz egiten digu, zorrotz eta argi, bere idazle ofizioaren talaiatik beti ere.
Hona hemen ETBn Harkaitz Canori liburuaz egindako elkarrizketa.
Zazpi etxe Frantzian. Bernardo Atxaga. Pamiela, 2009.
Atxagaren lan hau eten bat da idazlearen ibileran, testu harrigarria alde askotatik, Atxagari orain arte idatzi diogunarekin alderatuta, erabat ezberdina. Hona hemen liburuaren hasiera:
Chrysostome Liègek 1903ko hasieran sinatu zuen Leopoldo erregearen Force Publiquen zerbitzatzeko kontratua, eta urte bereko abuztuan iritsi zen Afrikako bihotzera. Pakebote batek eraman zuen Anberesetik Matadira; trenak, Leopoldvillera; bapore ertain batek, Princesse Clementinek, Yangambiko postu militarrera. Ez zen munduko azken-azken lekua, zeren, Force Publiquen askotan entzuten zenez, ohore hori Kisanganiri zegokion, ibaian berrehun kilometro gorago zegoen postuari; nolanahi ere, oso urrun zegoen edozein leku ezagunetatik…
Liburuaren aurkezpen egunean ETBn.

Katu jendea. Eider Rodriguez. Elkar, 2010.
Ondoz ondoko lursailetan bizi diren andre-gizon bakarti bi, euren katuen harremanek elkartuak; eroritako hagin baten ondorioz eskolako lagun ahaztuarekin topo egitera beharturiko erizaina; oporrak gurean pasatzera datorren haur sahararrak etxekoen artean eragindako aztoramena; bi lagun errepidean, berriketa axolagabean; Parisen aberats izatera jolasten diren neska gazte parea…
Hemen eta gaur giroturiko zazpi istorioetan barrena, gizon-emakumeen sentimendu esan gabeko eta ahultasun ezkutuetan arakatzen du Eider Rodriguezek: desiraren zirrikituak, edertasunaren on-gaitzak, diruaren morrontzak, sexualitatearen ernetzea, ilusioen itzaltzea… Lurralde lanbrotsuetan mugitzen dira ipuin hauek, luma bisturitzat harturik, kontaturikoa bezain inportatea dutelarik isildurikoa.
Sautrela saioko bideoa ere bertan duzu.