Ezpalak

Herrenaren orpoari jarraiki
Atala: "historia"

« Orreagako gatazka 778. urtean » 
52 minutako filma dokumentala. 778. urtean, Orreaga aldean, Charlemagne Frankoen erregearen gibel armada suntsitu zuten bertako biztanleek, Roland Charlemagne-ren iloba garbituz denbora berean. 
Gatazka hau iragan zen lekuaz eztabaidatzen segitzen dute oraindik historialariek. Orreaga eta Donibane Garazi juntatzen dituen erromatarren bide zaharrean gaindi iragan zitaikela diote gehienek. 
Dokumental huntan, ikerzaleek tesia bat aintzinatzen dute, eta sekulan baino toki zehatzagoa erakusten daukute, argumentazio aberatsarekin. 
Explikatzen daukute denbora berean gatazka hunek ondorio garrantzitsuak ukan zituela euskaldunentzat, zehazkiago Nafarroako erresumaren sortzearentzat. 
Basile Ibanez eiheralartarra, Eñaut Etxamendi ezterentzubitarra, Anjel Aintziburu luzaidarra eta Antton Kurutxarri baigorriarra dira filma huntako protagonistak. 

Amerikanuak. AEBko mendebaldean, Elko-n (Nevada) bizi diren euskaldun etorkinen egunerokotasuna islatzen da Amerikanuak dokumentala.

Amagoia Mujika. Normandiako lehorreratzea. Berria.

Atzoko egunarekin 1944an indar aliatuetako 156.000 soldadu sartu ziren Frantziara Normandiako kostatik; II. Mundu Gerraren amaieraren hasiera izan zen. Agintariek soldaduak omendu dituzte.

Omaha hondartzara olatu gorriak iristen hasi ziren 1944ko ekainaren 6an; ez besterik gabe, Bloody Omaha (Omaha odoltsua) izena eman zioten soldadu estatubatuarrek, Normandiako lehorreratzea ez baitzen samurra izan. Dwight Eisenhower jeneral buruak lurreratu bezperan idatzi zuen eskutitza irakurri beharko zuela pentsatu zuen; inbasioak porrot egiten bazuen, berea zela ardura osoa eta dimisioa emango zuela idatzi zuen une batean, baina, jakina, inoiz ez zuen irakurtzeko beharrik izan. Normandian hil ziren AEBetako 9.000 soldaduetatik asko eta asko Omahan hil ziren, eta, atzo, haien hilobiaren aurrean eseri ziren han borrokatu ziren 200 beterano, Overlord operazioa arrakastatsua izatea lortu zuten haiek. Bere aitonaren eta gainerakoen hilobien aurrean eseri zen ere Barack Obama AEBetako presidentea, baita Nicolas Sarkozy Frantziakoa, Gordon Brown Erresuma Batuko lehen ministroa eta Stephen Harper Kanadakoa ere, duela 65 urte lur horietan sartu ziren soldaduen herrialdeetako ordezkariak.

«Udazkeneko biolin luzeek nire bihotza zauritzen dute bere ahultasun monotonoarekin», esan zuen BBCko irrati esatariak. Frantziako erresistentziarentzat mezua zen. 24 orduan inbasioa zetorren, H orduan. Horrenbeste esperotako D eguna zen. 06:30ean hasi zen III. Reichak Europako Gotorlekua deitzen zionari inbasioa, II. Mundu Gerraren amaieraren hasiera. Obamak atzo beteranoei begira nabarmendu zuen bataila haren garrantzia: «Gutxi batzuen ausardiak mende oso bateko bilakaera aldatu ahal izan zuen».

Hitlerren hutsa

Batzuen ausardiak eta besteen buru-nahasteak egin zuten arrakastatsu lehorreratzea. Adolf Hitlerrek uste zuen erasoa Calais itsasartean gertatuko zela, Europaren eta Erresuma Batuaren arteko punturik gertuenean. Indar aliatuek armada bat asmatu zuten, kanpadenda hutsak eta gomazko kamioi eta tankeak ezarri zituzten Calaisen, eta irratiz fikziozko komunikazioak egin, ustez Patton jeneralak gidatzen zuen armada irudikatzeko eta Hitler jokoz kanpo harrapatzeko.

AEBetako eta Erresuma Batuko armadetako soldadu gehienak, hainbat herritan banaturik, zain zeuden normandiakoak zer emango zuen. Erresuma Batuko 1.750.000 soldadu, 1.500.000 estatubatuar, eta 250.000 frantziar, poloniar eta beste hainbat herrialdetako prest zeuden alemaniarren kontra borrokatzeko, eta haiekin batera hogei milioi tona gerra material.

Lehorreratzea Normandian kontzentratu zen, bost hondartzetan: Utah, Omaha, Gold, Juno eta Sworden. Lehenengo biei estatubatubatuarrek eraso zieten, eta gainerakoak Erresuma Batukoek kanadarren laguntzarekin, Hitlerren indar armatu gehienak Calaisen zeuden bitartean. 156.000 soldadu sartu ziren guztira. Baina klima izugarriaren ondorioz, ordu batzuk atzeratu behar izan zuten erasoa, eta egoera zaildu egin zen. Gainera, lehen indarrak lehorreratu zirenean alemaniarren metrailadoreak zain zeuzkatzen, eta dozenaka metro itsas arrotuan egin behar izan zituzten soldaduek. Omahakoek eraman zuten ezustekorik handiena, han zeuden alemaniarrak soldadu esperimentatuak baitziren, Errusiako frontean borrokan aritu zirenak. Gainerako hondartzak hartuta zeudela, hala ere, egun batzuk nahikoa izan ziren gizon eta gerra material asko kontinentera heltzeko. Ez nekerik gabe, indar aliatuek Frantziaren iparraldean hartu zuten lekua, eta, abuztuaren 25ean, Paris askatu ondoren, Berlinerako bidea eta II. Mundu Gerraren amaiera gertuago zeuden.

Duela 65 urte batu ziren indar aliatuak, eta orduko herrien soiltasun bera erakutsi nahi izan zuten atzo Barack Obamak, Gordon Brownek, Nicolas Sarkozyk eta Stephen Harperrek, eta bat etorri ziren Normandian libratzen hasi ziren gerra irabazteak ekarri zuela egungo «bakea eta askatasuna». Aliatuetan aliatuenak Obama eta Sarkozy agertu ziren atzo. AEBetako presidentea oso mirestua da Frantzian, eta, besteak beste, Irakeko gerra dela-eta George Bushekin Parisek izan zuen harreman tirabiratsua amaitu dela argi utzi zuen Sarkozyk, AEBetako soldaduen Collevilleko hilobiaren aurrean: «Obama, zu zara maite dugun AEBetako sinboloetako bat, balio moralak defendatzen dituena, askatasunaren, demokraziaren eta giza eskubideen alde borrokatzen duena. AEB irekiak, eskuzabalak eta toleranteak».

68ko maiatza Parisen. Argia. 40 urte pasa dira 1968ko maiatzetik. Zer geratu zaigu udaberri hartatik? Dokumental labur honetan bildu ditugu urte hartan Parisen ikasle ziren hiru pertsonaren testigantzak.

Theodulos Francos, brigadista baionarra. Argia. 1936ko Gerran, milaka lagun elkartu ziren Nazioarteko Brigadetan Espainiako Errepublikaren alde borrokatzeko. Baionako Theodulo Francosek egun 94 urte ditu eta bi gerra bortitz lepo gainean. Diaporama honetan Gerra Zibilaren urteetako esperantza eta etsipenaren irudiak ageri dira, Josu Chuecak brigadistari egindako elkarrizketaren pasarteez lagundurik.

Elixabet Epelde. Berria.

Txinatarren asmakuntza izan zen zeta, eta 3.000 urtez isilpean gorde zituzten haren jatorriaren nondik norakoak. Egun, Txinako hainbat eskualdetan eskuz ehuntzen dute zeta, antzinan bezala.

Xi Ling-Shi erregina lorategian tea hartzen ari zela, te kikaran zeta har baten kuskua erori omen zitzaion Kristo aurreko XXVII. mende inguruan. Kikaratik ateratzen saiatzean, kuskuaren hari distiratsua askatzen hasi zen, eta erreginak harilkatu egin omen zuen. Zetaren jatorriari buruz kontatzen diren milaka kondairetako bat da. Txinatarrek Xi Ling-Shik eginiko aurkikuntzaren sekretua 3.000 urtez gorde zuten.

Mendeetan zehar heriotzarekin zigortzen zuten zetaren ekoizpenari buruzko informazioa eta zeta harrak Txinako inperioko mugetatik ateratzea. Hala, denbora luzean, serizikulturaren arteak ez zuen lekurik ezagutu munduan, Txinan izan ezik.

Zetaren ekoizpenaren ezkutuko kontuak zabaldu ez ziren arren, Txinatik tela zati koloretsu eta distiratsuak esportatu zituzten, eta aurki, zeta objektu preziatu bilakatu zen.

Materialaren balioaz jabeturik, merkatariek, lapurrek eta espioiek lortu zuten sekretua eta zeta harrak enperadoreen kontrol zorrotzetatik ateratzea, milaka urtez txinatarren babespean egon ondoren.

Japoniarrak izan ziren lehenak bizilagunen sekretua ezagutu zutenak. Zeta harrak lapurtu eta ehun hori ekoizten zuten hainbat emakume bahitu zituztela diote kondairek. Japonian ere tela hori ekoizten hasi ziren arren, sekretua ez zuten zabaldu.

Mendebaldera, berriz, askoz beranduago heldu ziren zeta harrak. Material haren kontsumitzaile amorratuak ziren erromatarrek, zeta zuhaitz batetik eskuratzen zela uste zuten. Azkenik, K.o. 552. urtean, Bizantzioko enperadorearentzat lan egiten zuten bi fraidek Konstantinoplatik (egun, Istanbul) harren arrautzak lortu zituzten kontrabandoan, eta banbuzko bastoietan ezkutaturik enperadoreari eraman zizkioten. Gertaera hark Txinak urteetan gorde zuen sekretuaren amaiera ekarri zuen. Bizantziarrek, halere, ez zuten zeta nola ekoizten zen azaldu, Europako produkzioaren monopolioa eskuratu baitzuten horrela.

Ekoizpen prozesua

Milaka urteetan egin dute zeta txinatarrek, baina ekoizpen prozesua bere horretan mantendu dute hainbat eskualdetan. Kantonen, adibidez, lan guztia eskuz egiten dute oraindik, eskuzko ehundegien bidez, mundu guztian preziatua den ehuna produzitzeko. Antzinako Txinan enperatrizen eta errege-erreginen familiako emakumezkoek soilik hezi zitzaketen harrak eta zeta hariak ehundu. Gaur egun, ordea, gizonezkoek ere ekoizten dute zeta.

Masusta zuriaren hostoekin soilik elikatzen dituzte Bombyx mori espezieko harrak, 4-6 asteetan. Kuskua egiteko nahikoa pisu lortzen dutenean, txoko batean euren burua estaltzeko zetazko kuskua egiten dute hiruzpalau egunetan. Kilometro bat luze den hari bakar batekin biltzen dira harrak. Ugalketa ziurtatzeko, har batzuei prozesu osoa egiten uzten diete, hau da, kuskutik sits gisa ateratzen dituzte arrautzak jartzeko. Gainontzeko kuskuak zeta egiteko erabiltzen dituzte ur irakinetan hondoratuz, ustez Xi Ling-Shi erreginak K.a. XXVII. mendean egin zuen bezala. Horrela, harrak barrutik atera eta harizpiak lortzen dira, kilometro bat luze direnak. Haria sortzeko hainbat harizpi elkartzen dituzte, eta harizpi kopuruaren eta horiek elkartzeko egiten diren korapiloen araberakoa izango da zeta.

Material zaila, arina eta isolatzailea da, eta erabilera ugari eman izan zaizkio zetari. Aberastasunaren iturri izan da historian zehar, eta nobleziari lotutako ehuna izan da. Txinan, antzinean, zetan oinarritutako protokolo kode zorrotza zuten, hala, koloreak eta janzkiak gizabanakoen estatusa markatzeko erabiltzen ziren.

Bizikleten pneumatikoak, bolbora gordetzeko poltsak eta arteria protesiak egiteko ere erabiltzen da, baina, batik bat, jantziak egiteko baliatu izan da historian zehar. Lehen Mundu Gerra baino lehen, bolboraren garaian, balentzako atorrak ere zetarekin egiten zituzten. Mongoliako Inperioa sortu zuen Genghis Khanen gerlariek ere zetazko alkandorak erabiltzen zituzten, gezietatik babesteko.

Idazteko euskarria ere izan da aspalditik, Txinan luxuzko papera egiten zuten zetarekin. Hain zuzen ere, txinatarren beste asmakuntza handiena, paperarena, alegia, zetaren ekoizpen prozesuaren aurkikuntzatik datorrela diote historialariek.

Garai batean txanpon gisa ere erabiltzen zen, eta opari diplomatiko preziatuena bilakatu zen. Enperadoreek bakearen truke zeta kilometroak eta kilometroak oparitu zituzten.

‘Made in China’

Milaka urtez sekretua gordeta ere, txinatarrek ezin izan zuten saihestu zeta mundu osoan ekoitzi zedin. XVIII. mendean industria iraultzaren aurrerapenak ehungintzara heldu ziren, eta Europan zeta ekoizpena izugarri handitu zen. Kontinente zaharreko zetaren ekoizpenean hondamendia eragin zuen parasito bat heldu zen, harren heriotza eragiten zuena. Louis Pasteur zientzialariak parasito hura saihesteko irtenbidea aurkitu zuen, baina ordurako ehungintzaren sektorea kalteturik zegoen. Fibra kimikoen asmakuntzak ere sektorearen gainbehera areagotu du azken urteetan. Baina, egun, zetaren ekoizpenaren nondik norakoak sekretu zirenean bezala, Txina da munduko ekoizle nagusia.

Txina Europarekin lotzen duen zetaren bidea munduko merkataritza ibilbide garrantzitsuenetakoa da. Zeta garraiatzen zuten batik bat, baina budismoa eta islama zabaltzeko bidea ere izan zen.