ON THE ROAD AGAIN: ERRUMANIA 10 PUNTU… (1/3) Mikel Etxebarria, Radiokulturako Kolaboratzaileak, berritz ere bere motoaren gainera igo da mundua deskubritzeko. Aldi honetan Errumaniara joatea erabaki zuen. Hona hemen bidai miresgarri honen azalpena… Xehetasunendako: http://www.motoglobo.com/ Jatorria: Radiokultura
Andoni Egaña Kuban izana da “Bertsolari” filma aurkezten. Handik bueltan Euskal Herria eta Kuba konparatuz, gogoeta egin du Amaraunean.
Urte batez hainbat herrietatik bidaiatu ondoren, Maitena Ihidopek bere esperientzia partekatzen dauku.
Iñigo Aranbarri. Berria.
Anari Alberdiri
Munduko zazpi ertzetara zergatik jo izan zuen galdetzen ziotenean, sorbaldak harrotu, begiei gozo zera bat eman eta «etxean ibiltzen ikasteko» erantzun ohi zuen irribarre gaiztoz. Ez zute- la arrapostu horrekin bakean utziko, berehala jabetu zen. Horretarako ez dagoela kanpora joan beharrik erantzun izan zioten maiz.
«Zer nahi duzu esatea, ez diot ibiliari probetxu hoberik topatzen».
Gezurra ere ez zen. Hasieran, gertukoaz aspertuta, exotismoak deitzen zuen ozeanoaz bestaldeko zoko-bazterretan gozatzen zen aldioro. Hango zuhaitzen, ibaien, mendi-lauten tamaina! Hango koloreak etxe musuetan, bertakoen soinekoetan, autobus hegaletan! Hango usainen ederra karrikartean, azoketan, plaza barrenetan paseatzen zelarik!
Gero, zenbat eta gehiago ikusi, berdintsu irizten hasi zitzaion dena. Paraguaiko Asuncioneraino iritsi, eta ez zen Managuan egotea bezala? Aimaraz mintzo ziren boliviar haiek ez ziren Chiapasko tzotzil haien igualak? Eta ostatuko gelan egonean zegoela ikusten zituen telebista saioak, ahoskera gorabehera, ez ziren denak kutreak?
Orduan erabaki zuen Asiara joan behar zuela. Jo zituen Vietnam, Iran eta Uzbekistan. Liluratu zuen Indiak eta nardatu Siberiak. Eguzkirik erreena eta elurrik elurrena pairatu zituen hango ordokietan. Jende on franko ezagutu zuen, baita lo zegoela dena ostu zioten lagun abegikorrak ere. Harat-honatekin benetan nekatzen hasia zen, eta Afrikan zebilela, Ameriketako gaitzak heldu zion. Dena egin zitzaion antzeko Niger ibaitik hegoaldera. Lagosen, izua eza-gutu zuen. Maputotik, hanka jokoari emanda atera behar izan zuen. Antananarivon, aspaldian ez bezala egin zuen negar. Arabiar herrialdeetan, berriz, aspertu egiten zen eguna hasi orduko.
«Mundua txikiegia zela sinetsi nuen», aitortu zion Australiako mapa ipurgainean tatuaturik zeraman neska bati.
«Beste mundu baten beharra zenuela diozu oinez segitzeko?».
Ordurako arrunt eri zen. Etxera heldu zelarik, ohean etzan eta, harako Alonso Quijano hark bezala, liburuak eskatu zituen.
«Mesede bakarra: ez dut bidaia libururik nahi».Eta hala, orriz orri eta arian-arian, bidaietan ezagututako toki askotan ibil-tzea aplikatu zitzaion atzera. Ahaztuta zituen hamaika bazterretara itzuli behar izan zuen. Narrazioek irudiak, jendea eta gertaerak berreskuratzen lagundu zioten inoiz. Usu, beste zain batek hartzen zuen, eta malkoa ateratzeraino hunkitzen zen idazleak kaskoan egositako istorio haiekin. Denbora erraz zihoa-kion hala.
Behin, dutxatik aterea zela, konketa gainean utzitako erlojuari eman begia eta alabari deitu zion:
«Gauzak zer diren! Nik halakoxe erlojua zaukanat!»
«Zeharo egin zaizu ala? Zeurea ez da ba!».
Ohe ondoan pilatzen zihoazkion liburu haiei esker, ezagutu gabeko hamaika herritan ibili zen. Ibilitako asko desibili behar izan zituen.
Hurrengo egunean, janzten ari zela, ateko gakoan zintzilikatutako praketan erreparatu eta semeari hots egin zion:
«Kasualitatea! Nik ere horrelakoxe galtzak ez ditut bada!» «Ez zara benetan ariko, ezta?».
Eskolan aginduta, bilobek nazionalismoa bidaiatuta sendatzen den galdetu ziotenean, espainiar errege-erreginen karabelak eta galeoiak aipatu zizkien; Frantziar Legioaren ibiliak Afrika mendebaldean, Indontxinan eta Polinesian; Estatu Batuetako marineenak Korean, Somalian, Iraken…
«Bada horiek baino gehiago ibili denik munduan?».
Goiz batean, eguna argitu orduko, begiak zabaldu eta denboralea eman zuen gelari begira. Gero komunetik pasa zen, su kaldetik, egongelatik. Lo zeudenen arnas hotsak sumatu zitu-en. Ezaguna egiten zitzaion dena. Eskailburuko atea zabaldu zuen.
«Nik ere horrelakoxe etxea daukat» esanda agurtu zuen lanera zihoan aldameneko bizilaguna. «Banoa, ea topatzen dudan».
Egun hartan bertan, auto- bus geltokian eserita aurkitu zutenean erabaki zuten etxe- koek ingresatu egin behar zu-tela.
Maider Iantzi. Gara.
Urruneko abenturetara eramaten gaituzten «debaldeko» hegaldien edo eskaintza «hagitz-hagitz merkeen» garaian, komeni da bidaiarik zirraragarrienak mugitu gabe egin ditzakegula oroitaraztea. Badira bidaiak espazioan egiten direnak, baina badira denboran egiten direnak ere. Urteetan gibelera egin eta ohitura, hizkera, istorio eta janzkera ezezagunen berri izan dezakegu aitatxi-amatxiekin solastatuta. Altxorrik preziatuena hurbil-hurbil dugu. Bidaia batzuk kanpora egiten dira eta bertze batzuk barrenera. Badira mundu osoa bere baitan bilatzen duten pertsonak, Emily Dickinson poeta bezala. Ingalaterra Berriko herri ttiki batean, zuhaitzez inguratutako etxe batean, bizi izan zen 1830. eta 1886 artean. Haren logela izkina batean zegoen, bi leiho zituen norabide banatan, eta mahai bat kaxoi batekin. Bertan txukun-txukun bilduta aurkitu zituen ahizpak hainbat poema. Diotenez, hagitz jende gutxirekin izan zuen Emilyk harremana eta ez zen apenas atera; logelako mahaitxoan idatzitako obrak mugarik gabeko sentimenduak sentiarazten ditu, ordea. Bidaia batzuk egiazkoak dira eta bertze batzuk gezurrezkoak. Badira ikaragarrizko abenturak bizi dituztela sinestarazten dutenak, lehenbizi beren buruari eta gero gainerakoei. Louis de Rougemont suitzarrak bizipen hagitz interesgarriak idatzi zituen aldizkari batean: Ginea Berriko kostan perlak arrantzatzen ari zela, ekaitz bortitz batek harrapatu eta Australiaraino eraman zuen. Bertan, 30 urtez tribu kanibal bateko buru izan zen, bufalo hilen barruan lo egitera iritsi zen, emakume batekin haur bat izan eta bere aurrean umea nola irensten zuen ikusi zuen… Gerora jakin zuten dena gezurra zela eta Australian harakin aritu bazen ere, liburutegi batean sartuta eman zuela denbora.