Ezpalak

Herrenaren orpoari jarraiki
Atala: "ekonomia"

XABIER GANTZARAIN. Berria, 2012-05-22 JIRA  

Ez dakit, gizonak imajinatzen ditut goizean baratzera joaten txirri-txarra, porruak aldatu, landareak bakandu, zopizertzen, pozak, badutelako zeregin bat egunero, badutelako nora joan, denbora non eta nori eman. Eta emakumeak imajinatzen ditut, tarte bat hartuta baratzera hurbiltzen, lur lehorra ureztatzen arratsaldean, tipulak batzen, pinu hostoa botatzen, pozak, aspaldiko partez tomateek tomate zaporea dutelako, harra ibili duten marka, jateko modukoa den seinale. Eta gazteak imajinatzen ditut, aitzurra hartuta lur gorria goldatzen, denena eta inorena ez den lurra izerdiz bustitzen, auzolanean.

Lurra zekena da lurra gaitza da lurra ustela da lurra gogorra da lurra harritsua da lurra zikina da lurra astuna da lurra elkorra da lurra nekagarria da lurra latza da lurra amorragarria da lurra beltza da.

Lurra gorria da, udalarena da lurra, anbulatorioa egiteko omen ziren, lagata eduki dute orubea urtetan, anbulatorioa ez zen iritsi, herritarrak batu egin ziren, baratzea jarriko dugu, lurra lantzen duenarentzat!

Txorimaloa ere kendu egin digute barren, esaten zuen, sinistu ezinda, azken hilabete hauetan baratzean lanean ibili den gizon batek. Udalak txikitu du baratzea, eta txorimaloa.

0 plays 0 plays [Flash 9 is required to listen to audio.]
Joseba Tobar-Arbulu,
Euskadi Irratia

“Defizit publikoa murriztea hanka sartze handia da”. Joseba Tobar Arbulu EHUko ekonomia irakaslea da eta bere iritziz defizit publikoa murriztea hanka sartze handia da, eta kontrako efektua eragingo du ekonomian.

Zakilixut. Olariaga | Berria, 2011-12-24.

Aitziber Arzallus. Berria.

Urtarriletik abuztura, enplegua erregulatzeko 2.185 dosier onartu dituzte Hego Euskal Herrian. Eta, orotara, 64.242 langileri eragin diete espediente horiek. Eusko Jaurlaritzako Enplegu eta Gizarte Gaietako Sailak eta Nafarroako Gobernuak atzo eta herenegun argitara eman zituzten datuak dira.

Aurtengo lehen zortzi hilabeteetan, 1.783 espediente onartu ditu Eusko Jaurlaritzako Lan Zuzendaritzak, izapidetutako espedienteen %95. Ezezkoa eman die 31 dosierri, eta beste 63 baztertu ditu. Nafarroako Gobernuak, berriz, jasotako 483 espediente eskaeratik bosti baino ez die ezezkoa eman, %1,02ri hain zuzen.

Zortzi hilabeteotan aurkeztutako espedienteen arrazoi nagusia, enpresek eskaeretan izandako jaitsiera da. Horren ondorioz, gutxiago ekoitzi eta saldu dute. Horregatik, onartutako espedienteen %95 aldi baterakoak edo kontratu etendurakoak dira.

Merkatua bere onera itzuli ahala eskaerak ugaritu eta ekoizpena handitzea espero dute dosierrak aplikatu behar izan dituzten enpresek. Hala, langile bakoitza bere lanpostura itzuliko litzateke normal-normal. Espedienteen %5, ordea, behin betikoak edo kontratuen haustura eragiten dutenak dira.

Jakina denez, industria da sektorerik kaltetuena, handik baitatoz Araba, Bizkai eta Gipuzkoako espedienteen %72. Zerbitzuen sektorea dago bigarren lekuan, dosierren %19rekin; eraikuntza, %5ekin; eta nekazaritza, %4rekin.

Lurraldeka, Gipuzkoako enpresek jarri dute enplegua erregulatzeko dosier gehien martxan; urtearen hasieratik hona 733, hain zuzen. Bizkaian, 728 izan dira; Nafarroan, 478; eta Araban, 246.

Aurten Hego Euskal Herrian indarrean sartu diren hamar dosierretik bederatzi adostutakoak izan dira. Hau da, enpresetako zuzendaritzak eta langileen batzordeak bat etorri direla espedientea aplikatzeko baldintzetan.

Ehuneko hori txikiagoa da dosierrak kontratuen haustura eragiten dutenean. Kasu horietan, enpresen egoera kaskarragoa izaten da eta langileek ere baldintza hobeak exijitzen dituzte lanpostua behin betiko uztekotan.

Beheranzko joera

Urtearen hasiera bereziki gogorra izan zen, lehen bi hilabeteetan 20.000tik gora langileri eragin zieten dosierrak onartu baitziren Hego Euskal Herrian. Martxotik ekainera, nahikoa egonkor mantendu zen kaltetuen kopurua. Hilean 8.000 eta 9.000 langile berri artean geratu ziren dosierren eraginpean. Uztailean, berriz, zertxobait gutxiago izan ziren, 6.300 pasatxo.

Abuztuan, dezenteko jaitsiera izan du dosierrek eragindako langileen kopuruak, 3.740 izan baitira. Eusko Jaurlaritzako Lan Zuzendaritzak 177 espediente izan ditu esku artean, eta horietatik 163 onartu ditu, uztailean baino 74 gutxiago. Dosierrik gehienak etendurakoak izan dira.

Araba, Bizkai eta Gipuzkoan nabarmen egin du behera espedienteek eragindako langileen kopuruak ere abuztuan. Hain zuzen, 3.533 lagun izan dira kaltetuak; uztailean baino 1.545 gutxiago.

Azpimarratzekoa da Bizkaian izan den jaitsiera, bai espedienteen kopuruan, bai haiek eragindako langileen kopuruan. Izan ere, uztailean 2.763 langile izatetik abuztuan 1.069 izatera pasatu dira.

Gipuzkoan okerragoa izan da abuztua. Onartutako dosierrak uztailean baino gutxiago izan diren arren, haiek eragindako kopuruak gora egin du, 1.710etik 2.291ra. Horren arrazoia da bi enpresak espedienteak aurkeztu dituztela; horietako bat oso enpresa handia, 700 langile ingurukoa. Bi kasuetan, aurkeztutako dosierrak adostutakoak izan dira.

Araban, uztailetik abuztura, behera egin dute onartutako espediente kopuruak zein haiek eragiten dien langileen kopuruak.

Nafarroan, berriz, hemezortzi dosier onartu dira abuztuan; horietatik hamazazpi, etendurakoak, eta bat, hausturakoa. Dosier horiek 208 langileri eragin diete, uztailean baino %83 gutxiagori, orduan 1.282 izan baitziren kaltetuak.

Kontuan hartzekoa da, ordea, abuztuan enpresa asko itxi egiten direla, eta jarduera guztiak bertan behera uzten dituztela. Beraz, iraileko datuak izango dira gakoa, joera hori baieztatzeko.

Lander Garro. Gara.

Ontzi puzgarria hartu dugu, buru gainean paratu eta hondartzara abiatzeko. Eskuetan otarra, oihalak eta kremak, palak eta sardeak… den-dena barruan sartuta. Oinez ere nekez egiten dugu, horrenbeste tramankulu. Lagun batek jakinaren gainean jarri nau: «Kontuz ontzi puzgarriarekin, txinoetakoa da, ito egingo zara!». Harrituta geratu naiz, halako informazioa nondik atera ote duen. Brankan izkribua ageri du ontziak: «Club 100». Izen dotorea, hondarretan eserita puzteko ontzia izateko. Letra txikiak arakatzen hasi, eta hara: Made in China. Bitxia da Txinako jatorria duten tresna eta zerei jendeak nola antzematen dien, lehen begiratu batez. Beharbada tresnek halako kutretasuna daukatenean, halako handinahi bat, jendeak txinatarrak imajinatzen ditu, mundua beren tresnez engainatzeko konspirazioan, maltzurkeria zikoitzez. Halakoxeak gara: oso azkarrak. Eta badakigu ustez txinatarra ez den oro dela txinatarra, ustez txinatarra dena salbu. Begira iezaiezue jatetxe txinatarrei: ematen duten janaria ez omen de txinatarra. Zuek ere «asko bidaiatutako jendeari» entzungo zenioten, Txinan ez dutela jaten hemengo jatetxe txinatarretan ematen dutena. Alegia, txinatarrek argi eta ozen «hau txinatarra da» esaten dutenean, orduan, justu orduan, hori ez dela txinatarra izaten.

Txantxilloren istorioa ekartzen dit akordura mito honek, kalean ibiltzen zen xilofono-jotzaile maitagarriarena: aberatsa zela, hori zioen herri-jakintzak. Bai, kalean ibiltzen zen jendeari sos eske, euri nahiz elur… baina aberatsa zen! Mundu guztiak zekien, eta xaharra kale kantoian ikusi orduko, xuxurlaka hasten ginen: «Ba al dakizu Txantxillo aberatsa dela?». Gizonak ohe azpian ezkutatutako milioiak zertarako nahi ote zituen, horixe galdetzen diot neure buruari. Txinako enpresaren batean inbertitzeko akaso.