Ezpalak

Herrenaren orpoari jarraiki
Atala: "LANA"

Garbine Ubeda Goikoetxea. Berria, 2011-08-06.

Senarra eta alaba lasai ederrean lotan utzita, goizean goiz partitu da andere irribarre zabala. Ordu txiki horietan, Hendaiatik gora erlaitza bazterretik doan errepidea hartuz gero, hamar minutuko bidea besterik ez du Donibane-Lohizunen dagoen lantokiraino. Hamaika koloreko eta beste horrenbeste zaporeko izozki italiarrak fabrikatzen aritzen da bederatzi bat orduz, mokofinena ere aho bete hortz uzteko moduan.

Iristearekin batera, nagusia etorriko zaio agurtzera, eta kafe beltz-beltza eskainiko dio, hortzak iluntzen dituen horietakoa, etxetik gosalduta datorrela jakin arren. Hark, goizeroko arreta baldintza gabea eskertu egiten baitio, onartu egingo dio, edaten hasi orduko bizkarrezurreko ornoak banan-banan hotzikaratuko badizkio ere. Eta gero, jada buruko zorroa eta bata jantzita, osagaiak batuko ditu, tresnak aterako ditu eta lanari ekingo dio, marmarrean kantari.

Oraintxe puri-purian da negozioa, eta gogotsu aritu beharra dago, astelehenetik igandera, turistentzat jarduten dutenei ez baitzitzaien atseden egunik asmatu, ez sasoi betean. Hileko soldatak baino gehiago, neguak ekarriko dio oraingo izerdien ordaina: bi hilabeteko lasaitua. Pagatua. Dena beretzat.

Topiko guztiak irauliz, beharra amaitu eta gero hasten da izozki-artisauaren kalbarioa. Lantegia eta mundua bereizten dituen atetik pasatu orduko, etxerako bidea eragotziko dioten bisitari sardekin egingo du estropezu, txankleta hotsa eginez trostan doazen hondartza zaleekin, surflarien taulekin. Gero, noski, autoa traban uzten duten gibel handiek amorratuko dute; aurrera egin beharrean, abiadura desesperatzeraino moteldu eta paisaiari begira lokartzen diren gidariek; haien erruz betikotzen diren auto-ilarek; eta, jada herrian, hondartza aldean bizi baita, aparkaleku ziztrin baten bila bueltak eta bueltak eman beharrak…

Latzak izan ohi dira itzulerak, bereziki gaurkoa. Aita-alabak gozo gabe eta goizetik liskartuta aurkitu ditu etxe zokoan. Arrazoiaz galdetu orduko, sesioan hasi zaizkio berriro, eta errieta egin diote bat-batean irribarrea galdu duen artisauari. Oporrak hondatzea leporatu diote biek, familia-giroa hipotekatzea, inora ateratzeko aukerak izorratzea, berekoia izatea. Irakasle titulua duela gogorarazi diote bestalde, eta gogoz kontra izango bada ere, gainerakoen bizi-planarekin bat datorren ofizio horri heltzea exijitu, berak hain maitea duen lan hori eta antzekoak, erremediorik ez dutenentzat direla ohartarazita.

Zakur eguna, inondik ere, marrubi, zitroin, hur, kafe, bainila nahiz pistatxozko krema izoztuak prestatzen ari zen bitartean sentitu duen bake gozoagatik izan ez balitz. Lanean ari denean, ilargiraino joan eta bueltan etortzeko askatasuna sentitzen duelako izango ez balitz.

0 plays 0 plays [Flash 9 is required to listen to audio.]
Hegoa Mendiburu,
Radiokultura.com

Laborarien bizimoldea deskubritu nahi dutenentzat “Orhantza” proiektu berria sortu da. Lohitzune herriko (Baxe Nafarroan) Pedronia etxalde ttipian ahuntz gasna ekologikoa ekoizteaz gain, bizimodu naturalago bat garatzea entsaiatzen da Anita Duhau eta bere laguntzailea den Hegoa Mendiburu. Azken hunek, Orhantza zer den azaltzen dauku.

Elkartasunez, gazte enpresak lagundu. Kanaldude. Euskaldun Gazteria elkarteko gazteak GALT edo Gazteendako Aurrezkilako Lekuko Talde baten muntaztea helburutzat hartu dute, gazte baten laguntzeko bere enpresa sortzen Baxe Nafarroan. 2011an egina.

Arrantza XXI. mendean. Argia. Bizkaiko Arrantza Kofradietako Federazioko presidente den Iñaki Zabaletarekin solastu gara. Jadanik ez da itsasora ateratzen, baina bertatik bertara ezagutzen du sektoreak bizi duen egoera. Antxoaren debekuaz, arrantzaleen bizimoduaz, Alakranaren auziaz… eta abarrez hitz egin dugu Bermeon grabaturiko elkarrizketa honetan.

2 plays 2 plays [Flash 9 is required to listen to audio.]
Xan Errotabehere,
Radiokultura.com

Xan Errotabehere ixtorio kondatzen dabil haurrekin, eta zendako ez irudimena atxiki duten helduekin… Ipuinen munduan nola sartu zen kondatzen digu…

0 plays 0 plays [Flash 9 is required to listen to audio.]
Mikela Untsain,
Radiokultura.com

Mikela Untsain ez da sekulan erleetaz beldur izan. Erleak bere lagunak bait dira. Egun batez, beraiekin lan egitea erabaki du ere. Zer egiteko? Eztia, bistan da!

0 plays 0 plays [Flash 9 is required to listen to audio.]
Manu Fagoaga,
Radiokultura.com

Manu Fagoaga Saran bizi da bere familia eta, nola ez, zaldiekin ere. Gaztedanik zaldiekin izan duen harreman estuaz kondatzen dauku.

Nora Arbelbide. Berria.

Basajaunari ebatsi sekretuen artean dira, gariaren lehen hazia eta eiheren ardatzaren zuhaitz mota, suak ez dezan eihera harrapa. Basajauna ipuin liburuetan gorde bada geroztik, eiherek, berriz, beren bidea segitu dute sendo. Non bizia, han eihera. Mendeetan. Ur eiherek izan dute iraunpen luzeenekoa. Baina azkenean, gutxituz joan. Gainbehera nagusia XIX. mende erditsutan gertatu zitzaien. Etxeetan ogi egiten gelditu ziren garaia izan zen hura. Irina ez zen gehiago trukerako erabiltzen. Laborantza kooperatibak ere, orduan hasi ziren antolatzen.

Nostalgian erori gabe, ordea, eiherak aipatzerakoan oraina ere erabil daitekeela ari dira zenbait. Bihar iraganen den Eiheren Egunaren karietara horietako batzuek ateak beren eiheren ateak irekiko dituzte. Hari beretik, Ipar Euskal Herriko eihera zenbaitzuen aztarnaren gibeletik autoz eta oinez ibili den Fred Fort poetak aste honetan berean Moulins de Rivière en Pays Basque (Pyrémonde) aurkeztu du. Argazkiz apaindua, erreketan gaindi aurkitu eiherak aipatzen ditu liburuan, historia handia eta txikiagoak gurutzatuz.

Juan Mari Lekuonak errota zahar maiteaz oroitzean aipatzen duen tristura ukatu, mahukak jaso eta arbasoek transmitituari bizi berri bat ematen ahalegintzen ari diren eihera zenbait oraindik zutik dihardutela irakurtzen du liburuak, Eiheren Egunak bezala. Artean, Donazaharreko Magdalena auzoko Lacroix familiarena, Peko Eihera. François, Therese eta Nicolas Lacroix Laurhibar errekan edaten duen eiheraren jabe dira. Done Jakue bidearen bazterrean, 1249an agertzen da eiheraren lehen aipamena. Priorenea, kapera eta Done Jakue gurutzeari lotua zitekeen garaian. Prioreneakoentzat eta hauek errezibitzen zituzten beilarientzat irina egiteko tresna zuten eihera. Prioreneakoek Tristan bizkondeari saldu zioten, eta hauek berriz, de Salaberri kondeari. Eta kondearen semeak Pierre Puchulu saldu 1906an. Ordu arte, Puchulu familia eiherazain familia zen jabe izan gabe. «Zortzi belaunaldiz!», dio harroki François Lacroix-ek. Pierre Puchulu, Therese Lacroix, Puchulu sortua denaren aitatxi zen. Eihera irindegi bihurtu zuen aitatxik 1922an. Ari zen azkar. Baina azkenean, 1964an itxi zuten. Hortxe gelditu zen geroztik tresneria, errautsaren eremu. Denborak arras andeatu zuen. Horrela ezin zela utzi, eta 2004an, François Lacroix erretretara sartu zenean hasi zituzten berritze lanak. Dena arra muntatu dute, laguntza publikorik. Laguntzen lortzea biziki zaila omen da, kasik ezinezkoa. Gaur egun zutik gelditzen diren eihera guztiak pribatuen esku dira. Sos aski dutenak horretan emateko. Guti dira, oraindik irina egiteko gai direnak.

Lacroix familiarenak, hasteko, irina egin dezake eta egiten du. Talo egiten ariko da bihar bertako irinarekin. Museo txiki bat bezala antolatua dute eihera. Gustukoa dute erakustea nola martxan den, irina nola ateratzen den, nola garbitzen den. Gustukoa dute, bereziki, irinaren usaia berpiztea. Arto irina egiten dute bereziki. Arto ekoizlea den laboraria badute hurbil. Gariaren gaia, konplikatuago da. Guti dira gari ekoizleak inguruetan. Eta gari Ehotze biziki hurbiletik arautuak dira. Baina hor ere, berritasunak etorri dira lege aldetik. Aurtengo martxoan hartu erabakiari esker, urtean 350 kintal baino gutxiago ehotzen ahal dituzte eiherek kontsumorako, baimen berezirik lortu gabe. Erabakiak poztu ditu anitz, Therese Lacroix bezala. Oro har, eiheraren biziari lotzen den guztia hurbiletik segitzen dute. Elkarte bat sortu berri dute, eiheren kudeatzeko. Garrantzi handia izan du bere eihera zutik ematea: «Nire maneran jarraipen bat ematen diet arbasoen lanari». Lacroix-en gustuko «egiazko eiherak» irina egiten duten eiherak dira. Argindar ekoizleak, berriz, ez dira egiazkoak. Beste batzuen gustuko, ordea, ekoizpen horrek ere badu gero.

Eihera argindar ekoizle

Aste hau aukeratu du Ibai Errekak kolektiboak bere egitasmoen aurkezteko. Energia hidraulikoaren garapenaren alde, zentral elektrikoak sortzeko kanpainan hasia da. Errota zahar anitz argindar ekoizle bihurtu daitezke. Eihera jabeei egin die deia horretarako kolektiboak, proiektuak muntatzen laguntzeko eta diru laguntzak eskuratzeko taldean hobe baita.

Jadanik hamar bat eihera badira Ipar Euskal Herrian elektrizitatea ekoizten dutenak. Horietako bat da Jean Pierre Galant, Donibane Garaziko eiheraren jabea. Ehun bat etxe elikatzen ditu haren argindarrak. Arrunt pasionatua da: «Ez da ura hartzen, baizik eta uraren indarra. Hori da polit. Ez bada erabiltzen, galtzen da edozein gisaz». Beti errespetuz. Hark berak, ura desbideratzeko, urtegiaren ondoan amuarrainei eskailera utzia die, erreka berriz igateko aukera ukan dezaten.

Eiherei egina zaien kritika nagusietako bat, presek arrainak trabatzea da. Kritika hori gehiegizkoa dela diote denek aho batez. Arazoari iturri faltsu bat ematea. «Garai batez gaur egun baino eihera anitzez gehiago zegoen, eta alta, arrain gehiago ere», dio segur Therese Lacroix-ek. Grebak izanak dira eihera zainen artean, izokin gehiegi jaten zutelakoan, kexu omen ziren, azpimarratzen du bere Galantek. Arazoak orokorrean ezin direla aztertu deritzo. Uraren indarra ez dugula aski erabiltzen argi du.

Oraina eta baita geroari begira. Eiheren Lagunak elkarteko lehendakariorde Argitxu Noblia ere eiheren balorapenaren alde dabil, elkarteko beste kide anitz bezala. Indar berriztagarrien aroan, eiherek eskaintzen duten aukera aztertzekoa dela berresten du. Irina edo elektrizitatea ekoizteko balio duen bezala, beste funtzio anitz betetzen ditu. «Lekuak babesten ditu, ura atxikitzen». Ongi zaindu ezkero, uholdeak saihesteko egokia izan daiteke.