Ezpalak

Herrenaren orpoari jarraiki

Julen Gabiria. Bizkaiko hitza, 2011-11-11

Aurreko batean, bagoia Atxurira heltzen ari zela, emakume batek tonu alaian esan zuen, bidaiari guztiok entzuteko moduan, ze estanpa polita osatzen zuten ibaiaren bazterrean zeuden arrantzale haiek. «Ze majoak arrantzale haiek», esan zuen zehazki. Denok jiratu genuen burua ezkerretara, eta denok ikusi genituen gizon haiek uraren ertzean, baina soilik bidaiari bat ausartu zen egia esatera: «ez dira arrantzaleak, andrea: yonkiak dira».

Maiz uzten dut kotxea hortxe bertan, Urazurrutiako kaian, ibaira doazen eskaileretatik hurbil. Holako batean, oraindik kotxe barruan nagoela, eskaileretatik gora etortzen ikusten ditut bagoiko andrearen arrantzaleak, eguneko txutea jaso ostean, eta iruditzen zait bi mundu paralelotan bizi garela, eurak nirera igo ezinda eta ni eurenera jaisteko gogo barik. Bat-batean espaloi erdian estolda baten tapa altxatu eta buru bat agertzen denean bezala, halakoxeak dirudite, dauden lekuan daudela ere arrotz, Bilbon bertan, hiri handi guztietan gertatzen den moduan, badaude bi mundu horiek, edo beharbada gehiago, hiria teilakatutako geruzatan antolatuta balego bezala.  

Borgesek idatzi zuenez, izan omen zen inperio bat non kartografiaren arteak sekulako perfekzioa lortu zuen; hainbestekoa, ezen probintzia bateko mapak hiri osoa hartzen baitzuen, eta inperioaren mapak, berriz, probintzia osoa. Denborarekin, neurrigabeko mapa horiek ez zuten jendearen nahia asetzen, eta kartografoek inperioaren mapa egin zuten, baina inperioaren neurri berean eta inperioaren xehetasunak zehatz-mehatz jasoz.  

Jean Baudrillard filosofo eta soziologoak ere ideia bera erabili zuen gure gizartea irudikatzeko, esaterakoan errealitateak baino indar handiagoa duela errealitatearen simulazioak gaur egun. Alegia, benetako lurraldearen gainean dagoela zabalduta Borgesen mapa, eta gu mapa horretan bizi garela, ez errealitatean. Pentsamendu horretatik sortu zen, hain zuzen ere Matrix pelikula.

Kotxea aparkatzen dut,beraz, eta nirea ez den mapa bateko biztanleak agertzen dira eskaileretan gora. Antzeko zerbait gertatzen zait Basurtuko tanatorio amaitu gabeari buruzko albisteak irakurtzen ditudanean. Ez naiz bertan egon, ez dut hango egoera hurbiletik ikusi, baina imajinazioak ezinbestean eramaten nau irudi batera: etorkinak, tiraderadun hozkailuetan lo egiten. Badakit ez dela egia (besteak beste, etorkinak kaleratu egin dituztelako), baina ezin ditut beste modu batean imajinatu. Bitxia da: etorkinek hutsik zegoelako aukeratu zuten eraikin hori, beste barik; baina, pentsatzen jarrita, zaila da tanatorioa baino sinbolo hoberik aurkitzea gure gizarte geruzatsu hau definitzeko: bizidunak, ageriko geruza batean, lurraldea estaltzen duen maparen gainean lasai; eta etorkinak, beheko geruzan, maparen azpiko lurraldean, tanatorioan lo.

«Ez dira etorkinak, andrea: hildakoak dira».